Hasiak dira mintzapraktika programak
Aurten ere, AEKren Praktikatu zerbitzuak hainbat aukera eskaini nahi dizkizu: astean behin mintzataldean bildu eta patxadaz hitz egin; Gurasolagun egitasmoko tailerrak; bestelako jarduerak, hitzaldiak, txangoak, irakurzale-klubak... Beraz, interesik baduzu, eman izena, zabalik dago-eta horretarako epea. Primeran sentituko zara denetan zure helburua beteta: euskara praktikatzea eta lagun berriekin euskaraz egitea.
Oraindik ere ezohiko egoeran jarraitzen dugunez, pandemia dela eta, beharrezko prebentzio-neurri guztiak hartuko ditugu mintzapraktika taldeetan eta ekitaldi guztietan. Horrez gain, aurrez aurreko eskaintza osatze aldera, urriaren amaieran ONLINE taldeetan parte hartzeko aukera luzatuko dugu.
Hortaz, gure eskaintza erakargarria iruditzen bazaizu, jo euskaltegira, euskara-elkartera edo euskara-zerbitzura edota bete fitxa hau.