Menu Close

“Gurea dagoeneko ez da mintzalagun, lagun-mintza da” – Luis Zulaika Galdos

Aste honetan, mintzalagunak eurak aritu dira Urola kostako AEK euskaltegietan Mintzalagun egitasmoa zer den ikasleei azaltzen. Horrela, Zumaian izan zen, besteak beste, Luis Zulaika Galdos, eta euskarari buruz entzuten diren eta sinesten diren “mitoak” eraitsi zituen banan-banan; esaterako, ikastea zaila dela.

Zarautzen ere animatu zen mintzalagun-talde bat, astean behin elkartzen direnean, zer egiten duten azaltzeko, eta hurbiltasun horri esker, ikasle batzuk animatu dira egitasmoan parte hartzera. Azkenik, Orion ere, ohiko bueltatxoa egin ostean, han azaldu ziren Alberto Agirreazaldegi, Jesus Mari Rodilla Lara eta Jaione Telleria Gil egitasmo honek zenbat eman dien transmititzera: “Nik lotsa galdu nuen mintzalagunari esker”.

Hurrengo txanda Zarauzko Udal euskaltegian izango da eta, ziur, beste hamaika anekdota eta istorio entzuteko aukera izango dugula.

Mintzalagun programaren bitartez, euskara praktikatu ez ezik, ondo pasatzen da, lagunak egiten dira eta guztiek ikasten dute beti zerbait. Izan ere, edozein ikasketa-prozesu ez da inoiz bukatzen, eta egitasmo honek, hain zuzen, parte-hartzaileek irribarre batez gogoratzen dituzten bizipenak ere oparitzen ditu.