Magiak herri izena izango balu, Bakio izango litzateke izenik aproposena. Bart Dinbi Danba Karanba esaera superfragilistikoespialidosoa behin eta berriro entzun genuen. Horren harira, hamarnaka haurrek hitz magiko horiek oihukatu zituzten aho batez, Wallas magoak markatzen zuen erritmoan.

Ez zuen xisteratik untxirik atera behar, ez zuen suzirik piztu behar. Egia esan, zenbakiekin, margoekin eta jolasekin magiaz beteriko arratsalde zoragarria pasatu genuen.

Uztailaren hirugarren aste honetan, Bakion udan ere euskaraz ekimenak hirugarren ekintza osagarria eskaini zien bakioztarrei, udatiarrei eta kanpotarrei. Eta benetan, zein ondo pasatu genuen hil honetako hirugarren asteazken horretan!!!
Hirugarren ekintza horrekin amaitutzat emango diogu egitasmoari momentuz, irailean indarberrituak bueltatuko gara. Bien bitartean, nik, hik, hark, guk, zuk, zuek, haiek beti euskaraz!!!!!
