Zein ondo hasi dugun uztaila!!!! Bakioko ardoekin egin genuen topa udako taldeari kaixo esateko eta ikasturteko taldeei gero arte esateko!!!!!

Hilaren lehenengoan, udako denboraldia zabaldu genuen txakolin dastaketa batekin. 40 lagun inguru izan ziren ekitaldi horretan, tartean eskualdeko berbalagun talde guztietako kideak, hau da, neguko zein udako berbalagunak, bertokoak zein udatiarrak.

Iratxe Rementeriak, Bizkaiko sommelier elkarteko presidenteak, gidatuta eta Maider Zalduondok, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturako Sustapen arduradunak, babestuta, Bakioko txakolinaren nondik-norakoak ezagutu genituen. 
Hurrengo txakolinaren barietateak probatu, gozatu, usaindu genituen:
ABIO ZURIA – Abio
ZABALA – Zabala
ADOS – Itsasmendi Bakioko Mahastia
BELTZA – Doniene Gorrondona
Iratxeri eta Maiderri esker, zenbait txakolin, mahats-barietate, zenbait ezaugarri, kolore, usain eta edataro dastatu, ikusi, usaindu genituen……

Esan beharra dago, Kantauri itsasoaren ertzean baina haranaren erdian babestutako kokapen geografikoa dela eta, Bakioko mahastietako mahatsek berezko nortasuna dute. Bertan ikasi genuen, Klima Atlantikoari eta Bizkaiko Golkoaren eraginari esker, mahatsa motel heltzen dela. Horregatik, esan liteke Bizkaia mahastiak hazteko ezaugarri bereziak dituen lurralde bat dela: badu behar besteko hezetasuna, udan tenperatura epelak ditu itsasoaren hurbiltasunagatik, udazken lehor eta goxoak hego-haizeagatik, eta klima euritsua neguan zein udaberrian.
Eta zein ederra izan zen!!!!! Arratsalde zoragarria izan zen hura, bertan gure sustraiekin eta gure nortasunarekin elkartu ginen.
Eskerrik asko, Iratxe eta Maider!!!
Eskerrik asko etorri zineten guztioi!!!!
