Menu Close

MARURI-JATABE: Bertsogintzaren magia

Bart, ezin hobeto esan genion agur maiatzari Jataben. Unai Ormaetxea Zenikazelaiak bertso munduari buruzko errepaso ikaragarria egin zigun. Aurten, bertso txapelketa urte honetan, Xalbadorren heriotzaren 50. urteurrena beteko dira, eta epemuga hori aitzakiatzat hartuta, Ormaetxeak bertsogintzaren magia argitu zigun.

Unaik XX. mendeko bertsolaririk mitikoenaren  bizipenak kontatu zizkigun, baita Txirritaren bizitza, Lazkao Txikiren eskarmentuak, Pernando Amezketarraren kontakizunak, Xenpelarren bizipozak edota Iparagirreren bertsoak ere.

Formatu dinamiko batean, buru-belarri sartu ginen bertsolaritzaren historian, eta bide batez, Euskal Herriaren historian. Kantu nagusi bat abiapuntu eta jomuga, magia eta misterioa argitu bitartean, bertso doinutegia aberasten duten doinuetatik egin genuen hegan.

Ez genuen ezer utzi bide-bazterrean; izan ere,  iraganeko eta oraingo abestiez gozatu genuen.
Iragana eta oraina dena dago presente gure bihotzean, eta, maiatzaren azken ostiralean, Jataben lau haizeetara zabaldu genuen.
Eskerrik asko Unai!!!
Eskerrik asko etorri zineten guztioi!!!
EUSKARA GARA…. eta IZANGO GARA!!!!!!!!!!!!!!!!