Menu Close

Bakion udan ere euskaraz: Papertxori!!!!

Kaixo lagunok!!

Magia sano kapritxosoa da eta horrela izanik, hilaren azken asteartean, uztailak 26, magiak Antxo eta Pantxa pailazoak ekarri zizkigun Bakiora. Inork ez daki oso ondo nola izan zen, baina hara hor triziklo magikoaz agertu ziren, ehunka tramankuluz beteta.

Agerpen horrek ez zuen inor axolagabe utzi, are gutxiago han bildu ziren hamarnaka haur. Egia da hasieran modu lotsatian, baina gero, ikuskizunean bete-betean sartuta, Sabino Arana etorbide osoan zehar gidatu zituztela abesti, jolas eta magia-trikimailu amaigabeen bidez, guztien gozamenerako.

Antxo eta Pantxa pailazoek beren azken ikuskizuna, Papertxori duen izena, eraman zuten Bakiora, alaitasunez eta ilusioz beteriko antzezlan mugikorra. Bertan, haurrak izan ziren protagonistak eta emanaldiaren bilakaera zuzendu zuten papertxoriari esker. Izan ere, zenbaki batek joko bat zekarren, beste batek esperimentua….

hirugarren horrek bingo bat, BINGO bat??? Bai, izan ere, bertaratutakoen artean sariak banatu zituen soinu-bingo hark.

Ez ziren falta izan azken 22. Korrikari egindako keinuak, eta, hala, esperimentu, barre, sari eta dantzen artean, arratsaldea igaro zen, itsasotik zetorren haize arin batek giroa aparta izatea ahalbidetu zuelarik.

Ehun haur eta nagusi baino gehiago bildu ziren Bakion udan ere euskaraz programaren barruan antolatutako ekitaldiaz gozatzeko. Antzelan horrek, gainera, hilabetea eta jardueren egutegia ixten zituen, eta, beste behin ere, arrakasta handia lortu du bertako publikoaren, udatiarraren eta Frantziatik ere hurbildu ziren atzerritarren artean.

Izan ere, bisak ere izan ziren, eta haien atzean, musika erritmoan eta denen tristurarako, Antxok eta Pantxak agur esan zioten entregatutako publikoari, eta batutakoek adio esan zieten irribarre eta elkar ikusteko promesen artean.

Eskerrik asko hurbildu zineten guztioi, eskerrik asko Antxo, eskerrik asko Pantxa. Gogoratu jarduera hau Berbalagun ekimenaren barruan dagoela, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Beraz hemendik aurrera jarraitu hitzEkin!!!!

Bizi euskaraz!!!

Euskaraz seguru!!!!

Euskara beti bihotzean eta ezpainetan!!!