Menu Close

Lehiaketako mikroipuinak

Artistaz inguratuta gaude, ez geneukan dudarik, baina orain konfirmatuta dago: 22 mikroipuin aurkeztu dituzue lehiaketara!

Sestoko Berbalagunek erabakiko dute ipuin sariduna zein den: abenduaren 19ra arte aukera izango dute gehien gustuko dutenaren alde bozkatzeko. (OHARRA: azken 3 mikroipuinak ezingo dira bozkatu, ez baitute hitz-kopuruaren oinarria bete).

 

Eritz txikiaren ibilerak

Ama eta biok etxerantz gindoazenean ohiuak entzun genituen gure atzean; …Eritz!!..Eritz!!… Amak begiratu ninduen kezkatuta, bihurria nintzela baitzekien. nik sorbaldak jaso nituen eta, badaezpada, ez nuen ezer esan. Eritz!!… Azkenik, ohiularia gureganaino heldu zen eta gutun-azal bal eman zidan. Bat-batean, ulertu nuen: nire lagun Ibaik bere urtebetetzera gonbidatu ninduen!!”

 

Zerumuga

Anaia txikia aspertuta eta nekatuta zegoen. Horregatik txori izatea erabaki zuen, eta zuhaitz batera igo zen.

Amak, kezkatuta, psikologo batekin hitz egin zuen.

Psikologoak anaiarekin hitz egin zuen:

-Zergatik ez zara jaisten?

Anaiak esan zion:

-Hemendik zerumuga ondo ikusten da

 

Barearen ostean…

Etxean nengoen, abesti bat entzuten. Egun argitsua zen. Eguzkia etxea berotzen ari zela, bat-batean, tximistak hasi ziren berak atea ireki zuenean.

 

Karma

Gizon hori Palmako uhartean zegoen, banana jasotzen laguntzen. Sumendiko hausterreak oso arin jaisten ari ziren, guztiak mehatxatzen zituen.

Bat-batean, zuhaitz baten adarrik altuenean animalia txiki bat ikusi zuen, eta salbatzera igo zen.

Heltzean, konturatu zen animalia desagertu zela. Soinu gorgarria entzun zen; laba lurrera heldu zen, bizirik zegoen.

 

Eskailera

Emakume batek eskailera bat igo zuen, baina gero, ezin izan zen jaitsi eskaileratik. Leku horretan ez zegoen bakarrik.

 

Tiro bat

Mendian tiro bat entzun zen, eta Baserriko abere guztiek alde egin zuten, gizakiok izan ezik.

 

Berri ona

Astelehen goizean, ama bisitatu nuen, nor nintzen galdetzen zidana… Astearte gauean, utzi gintuen aitarekin nenbilen olagarroak zapi gorriaz hartzen… Asteazkenean, Amaia popatik hartzera bidali nuen. Ostegunean, Sestaotik, 50 hitzeko mikro-ipuinen saria irabazi izanaren berri pozgarria jaso nuen!

 

Nire bakardadean

Eta bat-batean esnatu nintzen, zer egin?, zer esan?, zer sentitu? Zu nire ondoan baina nik ez nekien non nengoen. Begiak itxi nituenean bost minutuko lokuluxka hartzeko hara heldu nintzen, nire betiko ametsara. Han bakarrik, biluzik, nire bakardadean. Bost urte pasa dira eta jada ametsa, zer egin?, zer esan?, zer sentitu?…

 

Nire etsaia den kidea

Ohikoa den bezala, zu, nire kidea, eta biok elkarrekin gabiltza itsasoari begira, patxadaz.

Ilunabarraren edertasunarekin batera zu giroa iluntzen saiatzen zara:

-Zergatik ez zara gauza zure bizitza kontrolatzeko?

-Isil zaitez, mesedez. Momentu guztiak izorratzen dituzu.

-Hori zeuk egiten duzu zure baitan, denok dakite ahulena

zarela – erantzuten dit nire kideak: antsietateak.



Argiak

Milaka urte geroago, kobazuloetatik ateratzea erabaki zuten; tamalez, Madalena eguna ospatzen ari zenean.

Zugaztieta jendez beteta zegoen, eta izaki hauek ikustean, hurbildu ziren, sakelakoak atera eta, berehala, haiekin selfie ugari egin zituzten.

Fashen argi arraroak ikusiz, Jentilak konturatu ziren Kixmik esandakoa egia zela: munduaren amaiera iritsi zen.



Udaburua harrespilan

Historiaurreko Oianleku harrespila inguruan elkartzen ziren biak udaburuko egunsenti guztietan eta harrespilako harri goroldiotsu batean esertzen ziren. Udako lehen izpiak ortzi-mugan azalduko ziren lekura lerrotzen zituzten beraien buruak, eskutik hartuta indarberrituko zieten energia iturriari zain gelditzen ziren bitartean. “Hurrengo udabururarte, Basajaun!” Marik esaten zion urte osorako kemena berreskuratu zutenean.



Inguruak zaindu

Begiekin ikusten ez diren gauza asko daude leku guztietan. Errekan eta basoan izan nuen bataioa. Zuhaitzak, harriak, lur ta ur, mendiaz eta uraz egina naiz baina ez naiz Amalur. Uretan bizi naiz, Nerbioi errekaren iturburuan, mendia ta ura topatzen diren lekuan. Ni Uranderea naiz, zaindu nazazue eta nik babestuko zaituztet.



Izeba Petrala

Bi anaia estralurtarrak bizi ziren bere izeba petrala eta jasanezin sorginarekin. Sorgina ere nazkatuta zegoen beraiekin, ez baitzituen bere ilobak ulertzen eta. “Denok desberdinak gara, izeba, ze adibidez, zuk ezik: nork uzten du erratza, etxe aurreko bizikletentzako aparkalekuan?”-oihukatu zuen anaietako batek izebak ilobak labean erretzeko sartzen ari zenean.

 

Txalupa baten oroimenak

Orduan ikusi dut. Ikuspuntuaren arabera, dena desberdina izan daiteke. Zein da ordea bidea? Txalupa saltzaile bat izanda, ezinezkoa zitzaidan nire ekintzen eraginak ikustea. Utzi nuen. Orain beste aldean ibiltzen naiz. Gustorago nago, baina kezkatuta nabil. Saltzaile postua utzi arren, norbaitek hartuko du. Horela izan behar da batzuen hobe beharrez.

 

MY

Egun goibel

Hainbeste jende inguruan.

Iluntasuna nire buruan.

Hire besarkadak.

Ni, hire beso artean.

Bero ariman.

Dena ahaztuta.

Etxe haiz.

Etxean nago.



Thunberren bidaia

Thunbertarrak ipar poloko hartz familia bat da, eta etxea utzi behar izan dute tenperaturak igo direlako. Haien bidaia hastean antzinako lagun batekin topatzen dira, Serafin pinguinoa. Serafinek konbentzitzen du bertan geratzeko, gizakien laguntzarekin tenperatura aldatzea lortuko dutela esanez, beraz, bertan geratzen dira, gizakiek haien jarrera aldatzeko zain.



Learen aldaketa

Leak, 16 urteko neskatoak, mutilagunarekin apurtu du. Lagunek beste mutil bat gustuko duela pentsatzen dute. Leak lagunminari, Elisa gustuko duela aitortzen dio, baina bere etsaiak, entzun eta ikastola osoari kontatzen dio. Lea txarto sentitzen denez, andereinoarekin hitz egiten du eta honek jakinarazten dio normala dela. Azkenean neskek elkarrekin amaitzen dute.



Ia 40 urteko sufrimendua

Emakume batek kalean Sting jipoitu du: “40 urte daramatzazu nire atzetik. Burutik zaude!” Stingek abesten zen bitartean “Oh can’t you see you belong to me…”. Hortzetan jo dion ostikadagatik, ezingo du berriro abestu.

Abestiaren protagonista berak konpondu du arazoa, baina nork konpentsatuko gaitu abestia jasan behar izan ditugun urteengatik?



Eguna? Eginda?

Egunsentiarekin batera begiak zabaldu nituen.

Urduritasunak ez ninduen kafea onartu ezta jakirik ere . Ezer jateko ideia baztertu nuen.

Erlojuari begira eman nituen , arropa janzteko behar izan nituen minutuak. 

Abiatu nintzen, heldu eta gela hotz batean bildu ginen

Prest ezbanengoen ere, ekin genion.

Ta orain, itxaron besterik ez dut.

Gai izango naiz?



Izenbururik gabekoa

Nagore 16 urteko neska da. Atzo gona polit bat erosi zuen. Hurrengo egunean, ilusio handiz gona jantzi du. Metroan dagoela, konturatu da agure bat denbora osoan berari begira dagoela. Bere geltokira ailegatzean, metrotik jaitsi eta agurea bere atzetik doala konturatu da. Nagoreren besoa gogor hartu eta esan dio: “Ez dizu lotsarik ematen gona motz horrekin joatea? Gero, kexatzen zarete pasatzen diren gauzengatik “Puta” bezala zoaz, beti probokatzen”. Agureak hitz horiek esan eta gero joan da eta Nagore han utzi du pentsatzen.

Arratsaldean, Nagore berriz bueltatu da dendara, gona aldatu eta  gona motzagoa erosi du: inork ez dio esango nola jantzi behar duen.

 

2.Cko koadernoa

Matematiketako koaderno batean hasi naiz idaztean zertarako ondo jakin barik. Telesail batean ikusi dut duela gutxi; modan dago kontua. Bertan terapia erabiltzen dute psikologoarenera ez joateko.

Bi lerrook amaitutakoan, musean esperoan, jabetu naiz edozeinek irakurri ahal duela nik idatzitakoa, ideia ez zait batere gustatzen; lotsak gorritu dit aurpegia. Amaitutzat emango dut idazteko beharra, psikiatrarenera deituko dut bihar goizean.

 

Zaletasuna

-Xxxx! Eup!

Laster hasiko da partida, azkena, eta horregatik irabazle bakarra aterako da. Finala da, eta espero dut guk geuk irabaztea.

-Xxxx! Eup!

Laugarren aldia izango da talde biek kopa finala jokatuko dutela, eta orain arte haiek irabazi dute beti.

Baina gaurkoa gurea izango da, aditu guztiek esan dute gurea izan behar dela; egoera hobean gaude besteak baino. W taldea ez da lehengokoa, pasa den hilean izarrak utzi zuen taldea eta emaitzetan nabari-nabaria izan da.

-Xxxx! Eup!

Hasi da partida, estadioa lehertzear dago, zale guztiak zutik nork bere taldea animatzen; nork bere bufanda astintzen!!!

(…)

EDERTO BATEN!!!!! MInutu bat falta da amaitzeko eta aldeko dugu emaitza!!!!

-Xxxx! EUP!

…?? Wwwww! Txapeldunak, txapeldunak! Oe, Oe, Oe!!!

Berriro ere!!! Ez dakit azaltzen zer gertatu zaidan, galtzeaz aspertuta, sano gogaituta, aurrean izan dudan aurkarien bufanda lepo bueltan estutu eta saltoka, oihuka nabil orain.