Menu Close

“Izurdeen aurreko bizitza”: Irakurzale Klubaren kronika

Pasa den asteazkenean, hilak 9, Santurtziko Irakurzale Klubak Kirmen Uriberen “Izurdeen aurreko bizitza” izan zuen mintzagai. Solasaldiari ekin aurretik Juanan berbalagunak bere opari sorta jaso zuen, Egunean Behin lehiaketan irabazle izan eta gero. Eta liburuaz zer diote? Hara bada…

Kirmen Uriberen “Izurdeen aurreko bizitza” eleberrian, egilearen aurreko liburuen zenbait ezaugarri antzeman ditugu; alde batetik, iraganeko bi istorioen arteko tartekatzea, eta, bestetik, idazlearen arbasoen bizitzen gaineko kontaketa. Halere, aldea egon badago: Liburu honetan, aurrekoena beharrean, idazleare beraren, Nora bikotekidearen eta Unai zein Ane seme-alaben ahotsak entzun ditugu, Rosika Schimmerren bizitzaren kontaketarekin batera.

Liburua bi ataletan banatuta dago. Lehenengoan, protagonista Schwimmer da: aktibista feminista, bakezale eta sufragista, zeinen bizitza interesgarria ezagutzeko aukera ematen digun nobelak. Bigarrenean, aldiz, Norak hartzen du narrazioaren gidaritza, Maider lagunaren eskutik helduta, 80. eta 90. hamarkadetako Euskal Herrira eramaten gaitu.

Uribek bi emakumeen betaurrekoak jarri dizkigu sorgin gurpil moduan errepikatzen diren gertaeraren gaurkotasuna begien pare utziz, jazoerok bai iraganean, bai orainaldian, bai etorkizunean izanagatik ere.