Menu Close

SUKALDARITZA IKASTAROA

Ekainaren 18an egin genuen ikasturteari amaiera emateko ikastaro oparo hau, eta 9 lagun elkartu ginen Eskarabilla txokoan. Ikastaroa Manu Periañez Berbalagunak eman zen: sukaldaria da lanbidez eta Eskarabilla txokoko bazkidea.  Plana erraza izan zen: Manuk menua pentsatu zuen; ondoren partaideak kozinatzen jarri gintuen, bere agindu eta aholkuei jarraituz; eta amaitzeko, prestatutako guztia afaldu genuen! Plan ederra!

Hasteko, txokoa erakutsi zigun, eta denon artean menua eta prestaketarako pausoak irakurri genituen: angurria gazpatxoa hasteko, hegaluze tartar-a ondoren, txitxarroa pistoarekin plater nagusitzat, eta azkenburuko bi: limoi tarta eta gurin gailetak.

Behin teoria irakurrita, lanean hasteko ordua iritsi zen: bikoteka aritu ginen zegokigun platera prestatzen; batzuk gazpatxoarekin, beste bi hegaluzea garbitzen, besteak pisto saltsa egiten… Gustura egon ginen, izan ere, gero afalduko dugun hori prestatzea beti da atsegina, eta, noski,  euskal kulturaren oinarrietako bat, kar, kar, kar. Bada, di-da pasa zitzaizkigun minutuak, eta behin egin beharrekoa prestatuta eta gazpatxoa hoztu zain, garagardoa edan genuen kontu kontari, oso harreman ona sortu baita aurten talde honetan.

Azkenik, egindako menu gozoa dastatzeko garaia iritsi zen, eta bapo afaldu genuen: ez genekien hain sukaldari onak ginena! Eskerrik asko Manuri, ikastaro praktiko, dibertigarri eta hain gozoa prestatzeagatik, gainera, bere txokoan. Dagoeneko irailean ere antzeko zerbait egitea planteatu digu, ikasturteari amaiera eman bezala, hasiera galanta ere emateko hurrengoari!

EUSKARA ZU ZARA!