Aurten hirugarren ikasturtea beteko du makrame taldeak eta bigarrena kakorratz taldeak; biak ala biak Hiart irakasleak bikain gidatuak! Horrez gain, ikasturte emankorrak ari dira izaten, hainbat proiektu eraman baitituzte aurrera, eta hementxe argazki batzuk ikusi ahalko dituzue. taldeen funtzionamendua erraza eta praktikoa da: hilabeteko lehen eta hirugarren asteazkenetan makramekoak batzen dira, eta bigarren eta laugarren eguaztenen, berriz, kakorratz taldekoak. Gainera, partaide asko bi taldeetan aritzen dira jo ta ke, hortaz, eskulanetan masterra egiten ari dira batzuk, kar, kar, kar!

Esan beharra dago Nai Lua tetegian elkartzen direla, bertako maizter Sorayak eskuzabal lagatako txoko batean, horregatik aipu berezia egin nahi diogu Sorayari eta Nai Luari, halako ekintza kulturalak aurrera eramateko espazio ederra baita; ez hori bakarrik, Berbalagun ekintza nahikotxo burutzen ditugu bertan: sukaldaritza eta ukendu naturalen tailerrak, kontzertuak, poesia errezitaldiak… Mila esker Soraya, eta animo zure bizitza proiektuarekin!

Bukatzeko, mezua lau haizetara zabaldu nahi dugu, eta herritarrei gogoarazi proiektu irekia dela hau, edonork parte har dezakeela bi talde hauetan irailetik aurrera (ikasturtea datorren astean bukatuko baita), eta esku zabalik egingo diogula harrera bertaratzen denari, helburua argia baita: eskulanen bidez, giro atsegin eta erosoan euskaraz aritzea. Proiektua interesgarria iruditu bazaizu, hurbildu gugana eta ezagutu ezazu bertatik bertara! Eta nola ez: zorionak eta mila esker Hiart, talde mundialak sortu, gidatu eta gauzatu dituzu eta! Animo asko parte hartzaileei, jakina, zuok barik ez legokeelako talderik! Familia bikaina osatzen ari zarete! Gora zuok, gora Berbalagun eta gora euskara!
EUSKARA ZU ZARA!
