Aurten, maiatzean egin ohi genuen Mintzodromoa apirilera aurreratu dugu, izan ere, Basauriko Udalak Euskal Astea maiatzetik apirilera mugitu du. Bada, 100 lagun inguru bildu ginen Solobarria plazan egin genituen bi saioetan: goizean 10:30-12:00 eta arrastian 17:30-19:00. Gainera, goizekoa berezia izan zen, San Jose eta Basauri ikastetxeetako gaztetxoek ere parte hartu baitzuten.
Berritasunak alde batera utzita, beti bezala hiru gai jorratu genituen: Ligatzea, Futbola: kirola ala gudu-zelairako aitzakia, eta azkenik, Moda eta erosteko ohiturak. Esan behar dugu bete-betean asmatu genuela gaiekin, heldu zein gaztetxoentzat aproposak izan baitziren. Gai bakoitzari 20 minutu inguru eskaini genizkion, eta partaideek esan zutenez, labur egin zitzaien: seinale bikaina!
Bukatzeko, aulkiak jaso ondoren, familia argazkia egin genuen. Horrez gain, hementxe dituzue beste argazki batzuk!

