Urteroko ekintza dugu sagardotegi irteera, eta, beti bezala, aurten ere primeran pasatu dugu. 11:00ak aldera utzi gintuen autobusak Getarian, eta bertako auzokide bi genituen zain. Hilabete honetan sagardozaleekin egin du bat ondare-taldeak; beraz, kostaldeko herri eder honan historia eta ondarean ardaztu dugu ekintza kulturala.


Elkano eta portua izan genituen hizpide hasieran. Ondo landutako azalpen baliotsuak eman zizkigun Gorkak, eta Josan eta Joxiren ekarpenek are interesgarriago egin zuten irteeraren lehen atala. Izan ere, Getaria hain txikia izanik, hango kontu guztien berri zuten gure bi lagun berriek.


Arlo kulturalari amaiera emateko, saregileen ogibidea ikusi genuen bertatik bertara. Sareak josten ari ziren sei emakumerekin egin genuen topo, eta adeitasun handiz erantzun zituzten egindako galdera guztiak. Eliza ere bisitatu zuten batzuek, beste batzuk lehen potea eskatzera joan ziren bitartean. Bisigu errearen usainak orroka jarri zigun tripa. Eskerrak bazkaltzeko ordua ate joka genuela!

Bazkaria mundiala izan zen: tortilla mota bi, bakailaoa pil-pil erara, txangurroa, txuleta eta postrea. Bigarren urtea dugu Satxotan, eta, horren ondo janda, ez dugu uste azkena izango denik. Janaria eta edariari giro ederrak lagundu zien. Hortaz, konturatu gabe heldu zitzaigun joateko ordua.

Aurten ez gara Hernanira joan. 22 laguneko taldea osatu dugu, eta horrek batera mugitzeko aukera eman digu, baina leku lasaiago batean. Bazkalostea Orioko herriko plazako terraza batean eman genuen, eta bertako Mintzalagunen dabilen Daniel Argentinarra batu zitzaigun. Jolas pare bat eta dantza pixka bat egin eta gero heldu zen Bizkaiera bueltatzeko ordua. Herrira bai, baina etxera ez; izan ere, Galdakaoko Gazte Egunean geratu ginen gehienok.
Eskerrik asko guztioi, eguna eder-ederra izan zen eta!
