Menu Close

Galdakaoko XI.mintzodromoa

Abenduak 3 ditu gaur, eta, urtero bezala, mintzodromoa ospatu dugu Galdakaon Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Aurten, Iturrondo plazan jarritako karpan egin dugu, eta ordu eta ordubetez aritu zaizkigu partaideak egunerokoan eragiten diguten hiru gairi buruz hitz egiten.

 

Berbalagunez gain, AEK, Udal Euskaltegi, Bengoetxe institutu eta Eguzkibegi Ikastolako ikasleak egon dira, laguntzaile talde eder batek lagunduta. Eskerrik asko mahaiak dinamizatzen eta txokolatea banatzen egon diren Zizpa, Orreaga, Leidu, Bagabiz, Galdakao Gogora, Patakon eta Berbalaguneko bidelagunei; zuek gabe ezingo genuke ekintza eder hau burutu.

Kanpoan hotz handirik ez zen, baina Udalak jarri dizkigun berogailuek eta Topa tabernatik ekarritako txokolate beroak giroa epeltzen lagundu dute. 120 edalontzi eskatu ditugu, eta bi baino ez dira soberan geratu. Baten batek errepikatuko zuen ala bi pertsonak ez dute probatu?

 

 

Lehen gaian ura igaro behar den eremutik hurbil eraikitzeak dakartzan ondorioez aritu gara. Ondoren, egunero ditugun hainbeste zereginei heltzeko dugun denbora eskasa analizatu dugu. Eta, amaitzeko, eskoletan ikasgai berririk sortuko balitz, zein izan beharko litzatekeen aztertu dugu.

Gaur elkartutako 120 lagunen profila oso ezberdina izan arren, ederto batean moldatu dira denak nahastuta. Izan ere, horixe da gaurko hitzorduaren helburu nagusia: euskara praktikatu ahal izateko jende berria ezagutzea.

Ekitaldiari talde argazki batekin eman diogu amaiera. Datorren urtean berriz ikusiko dugu elkar. Bien bitartean, segi euskara hauspotzen, euskarak 265 egunak behar ditu eta!