Menu Close

BASAURIKO IX. MINTZODROMOA

Pasa den ostegunean, maiatzaren 18an, Basauriko IX. Mintzodromoa egin genuen, eta jendearen erantzuna itzela izan zen! Urtero egiten dugun bezala, oraingo honetan ere bi saio egin genituen: bata, goizean 10:30etatik 12:00ak arte, eta bestea, arrastiko 18:30etatik 20:00ak arte.

 Maiatzean, Basauriko Udalak Euskal Astea antolatzen du, eta egitarau horren barruan Mintzodromoa ere antolatu ohi dugu Solobarriako plazan, hortaz, aurten  berriro jarri genituen mahaiak plazan herritarrek euskaraz lasai berba egin dezaten. Aurreko edizioetan bezala hiru gai izan zituzten berbalagunek mintzagai: adimen artifiziala, haurdunaldi subrogatua eta maiatzeko hauteskundeak: zer hobetu herrian. Gutxi gorabehera 80 berbalagun inguru izan ziren goizean eta arrastian 70 bat lagun inguru. Beraz, hagitz arrakastatsua izan zela baiezta dezakegu! Izan ere, ikasturte bukaeran ikasleak nekatuago daude, eta hala ere, sekulako erantzuna izan genuen, Berbalagun, herritar euskaltzale eta udaleko langileekin batera.

Azken argazkietan ikus daitekeenez, aurten ura eta pasten tradizioa berreskuratu dugu, izan ere, aurreko bi urteetan, pandemiaren ondorioz ez baita aukerarik egon horretarako. Gai bakoitza amaitu eta mahai aldaketa egitean, partaideek ura eta pastak hartzeko aukera eduki zuten, baita ondo aprobetxatu ere! Bestalde, hurrengo argazkian ikusiko duzuenez, aurten mahaiko lau partaide eta bidelagun bat jartzea erabaki genuen, elkarrizketa biziagoa sortzeko eta partaide guztiek berba egiteko tarte handiagoa edukitzeko. Eta asmatu dugula esan dezakegu, etorritakoek pozik jardun baitzuten, eta askok egindako aldaketa goraipatu baitziguten.

Bukatzeko, gogorarazi nahi dizuegu Berbalagunen izena emateko epeak zabalik segituko duela urte osoan zehar, beraz, ez izan lotsarik eta hurbildu gugana, beso zabalik artatuko baitzaitugu. Eta noski, adi ibili sare sozialei, ekainean ikasturteko azken ekintza gauzatuko baitugu: Xaboi ekologikoak egiteko tailerra!

PRAKTIKATU ETA BIZI!