Menu Close

KOLORETAKO EURITAKOAK BASAURIN. GURASOLAGUN

Martxoaren 14an gauzatu genuen 2023ko Basauriko bigarren Gurasolagun tailerra, eta oraingo honetan koloretako aterki dibertigarriak  egin genituen.  Aurrekoan edalontzi ibiltariekin ikusi genuen uste genuena baino zailago zela, beraz, bigarren saio honetan eskulan errazagoa aukeratu genuen, baita asmatu ere.

Pozokoetxen 17:30etan geratu ginen, eta 9 familia etorri ziren gozatzeko irrikaz. Behin egin beharrekoa azalduta, buru belarri hasi ziren guraso eta haurrak: koloretako kartulinak hautatu, borobiletan moztu, borobili horiek erditik tolestu birritan, gero euren artean itsatsi… Berez, ez zen, teorian, oso zaila izan beharko, baina argi geratu zen batzuk besteak baino trebeagoak direla eskulanetan, kar, kar, kar (ni desastre!)

Eta bukatzeko, pauso gakoa besterik ez zitzaigun geratzen, hots, elkarri itsatsitako kartulina zati horiei euritakoen “kirtena” erantsi behar zitzaion, eta behin ondo lotuta, kartulina zati guztiak “ireki” kirtena inguratuz, eta bi muturrak lotu behar ziren. Lehen esan bezala, uste genuena baino zailagoa izan zen, hala ere, familia trebeak ditugunez Basaurin, aterki polit askoak sortzea lortu zuten! Hurrengoan zer egingo ote dugu? Adi sare sozialei!!

PRAKTIKATU ETA BIZI!