Menu Close

Hego-Uribeko berbalagunak sagardotegian

 

Goitik beherako eguna pasatu genuen larunbatean Basauri eta Galdakaoko Berbalagunok, AEK-ko ikasleekin batera. Pandemia dela eta, baziren hiru urte Gipuzkoa zapaltzen ez genuela elkarrekin kupel bila, eta bazen garaia normaltasunera itzuli eta horrelako irteera bat egiteko. Hain zuzen ere, larunbateko plana izan zen covid-a agertu aurretik programatutako azken ekintza. Egitaraua itzela zen, eta egoerak hobera egiten zuenean, ideia berrartu behar genuela hitz eman genuen. Bada, kostata, baina heldu zen eguna, eta merezi izan zuen itxaronaldia, bai horixe!

Duela hiru urte Pasaiako Albaola Itsas-Faktoria ikusteko plana egin genuen, eta aurten arantza hori ere kendu nahi genuen, baina data jarri genuenean ez genuen jakin asteburu horretan urtean behin ospatzen den Itsa-Festibalarekin ere topo egingo genuela; zer diren gauzak! Jendetza batu zen kostaldeko herri polit honetan mundu zabaletik etorritako hainbat eta hainbat itsasontzi ikusteko asmoz. Barkuak ikusgarriak ziren, aspaldian eraikitakoak denak, eta jende guztia txundituta, argazkia atera nahian.

Goizeko 9:00etan irten ginen etxetik, eta ikusi beharrekoak pilatu egingo zitzaizkigun sentsazioa izan genuen lehen momentutik; izan ere, itsasontzi ikusgarri horiez gain, portuan zegoen giroa itzela zen: batukada, saregileen tailerrak, musika…Baina Albaolarekin bagenuen hitzordua egutegian markatuta, eta horri ere ezin muzin egin. Sartu ginen museora, eta festibala dela-eta gidarik ez izan arren, ordubete inguru eman genuen bertan XVI.mendean Kanadan hondoratutako euskal baleontzi baten atzean dagoen historiaz gozatzen. Duela 44 urte aurkitu zuten San Juan baleontziaren hezurdura itsaspean, eta aurkikuntzaren garrantziaz jabetuta, 2013an urpean dagoen altxor horren kopia bat eraikitzeari ekin zioten, garai hartako teknikak erabiliz. Spoilerrik ez dugu egin nahi; beraz, egon ez bazarete, joan, bene-benetan merezi du eta!

 

Goitik beherako eguna antolatu genuela iragarri genuen, eta ez zen gutxiagorako! Sagardotegira joan aurretik, pote batzuk hartzen geratu ginen kaian, eta Arrigorriagako Maider Altuna eta Iker Garitagoitia bertsolariak agertu zitzaizkigun. 2019an aho-zapore ederra utzi ziguten Arkaitz Estiballesek eta Fredi Paiak, eta aurten ere bertsoez gozatu ahal izan dugu. Pasaia San Pedroko taberna batean motorrak berotu eta Astigarragako Alorrenean jarraitu zuten Ikerrek eta Maiderrek. Bertan, lanean jarri genituen etxetik prestatutako ariketa barregarri batzuen bidez, baina mahai gainean genuen bazkari ederra ahaztu gabe, noski! Bakailao-tortilla, bakailaoa piperrekin eta txuleta ederra jarri ziguten gazta eta intxaurrak atera aurretik, eta sabela ondo bete genuela esan dezakegu. Bertsolariek beste konpromiso bat zuten arratsaldean, eta kupel artean azken bertsoak bota ostean, Soduperako bidea hartu zuten. Pena handia eman zigun, bai guri eta bai haiei, baina beste batean ere gonbidatuko ditugu, lasai!

Arratsaldean, ia beti bezala, Hernanira joan ginen trago batzuk hartzera. Hasieran, egia esan, jende gutxi zegoela nabaritu genuen. Sagardo-garaiaren amaierak eta Pasaiako Itsas-Festibalak eragin zuzena izan zezaketela pentsatu genuen, eta giro handirik egon ez arren, behingoagatik tabernetan lasai eskatu ahal izango genuela-eta pozik. Baina, bat-batean, San Ferminetako zezenak balira bezala, jende oldea atera zen txaranga baten atzetik, eta giroa erabat aldatu zen. Txoferrari deitu eta bi ordu gehiago geratzeko erregutu genion, baina ezin izan zuen. Beraz, adostu bezala, 22:00etan hartu genuen herrira eraman gintuen autobusa. Hala ere, Basaurin eta Galdakaon jarraitu genuen Hernanin erdizka utzi genuenari ginda jartzen.

 

Langa oso goian egon arren, datorren urtean itzuli eta gorago jartzen saiatuko gara! Txoooooooooooooooooooooooootx!!!!!