Menu Close

GALDAKAOKO AURKEZPEN JAIA

 

Pandemia dela eta, iaz ezin izan genuen aurkezpen jairik egin, baina gaur primeran pasatu dugu Iturrondo plazako karpan bildutako berbalagun eta ikasleok. Eguraldiak ez du batere lagundu, baina 60 lagun bildu gara, elkar ezagutu eta euskaraz arratsalde atsegina pasatzeko asmoz.

 

Musikak eta jolasek girotu dute ekitaldia, baina aurten, Asier Kidam magoaren ikuskizunaz gozatu ahal izan dugu, eta umeak bezala geratu gara denok haren trikimailuei begira. Gainera, Asierri asko gustatzen zaio jendeak bere trukoetan parte hartzea, eta ikasle eta berbalagun bat baino gehiago igoarazi ditu oholtza gainera.

Ordu erdiko magia saioa amaitu ondoren, mokadu eta jolasen txanda heldu da, baina gaurko helburua euskaraz hitz egiteko jende berria ezagutzea izan denez, ezagutzen ez zuten jendearekin nahastu ditugu partaideak. Tortilla eta bestelako pintxo goxoak jaten hasi dira, baina gogotik eragin behar izan diote buruari jarri diegun lau jolaseko erronkarekin: hiru pertsonaia famaturen inguruko kiniela, sinonimo eta definizioak, geroglifikoak eta “euskara” hitza zuten ahalik eta abesti gehien zerrendatzea.

Erronka asko gustatu zaie; izan ere, behin baino gehiagotan esan behar izan diegu jatekoa eta edatekoa barran zutela zain. Hala ere, magoa tarteka hurbildu zaie taldeei eta magia truko bana egin die laukoteei bertatik bertara. Egia esan, denok geratu gara harrituta Kidam-en trikimailuekin, eta, gainera, eskertzekoa da jendearengana hurbiltzeko erakusten duen prestutasuna.

Saioa 20:00ak aldera amaitu da, baina etxera joan aurretik sari-sorta bana eman diogu erronka irabazi duen taldeari. Celia, Raul, Azu eta Jasone “Urrezko neskek” irabazi dute Berbalaguneko produktu sorta, jolas guzti-guztiak goitik behera asmatuta. Zorionak, “neskak” eta zorionak hurbildutako guztioi, arratsalde ederra pasatu dugu eta!