Pasa den ikasturtean ezin izan genuenez mendi-ibilaldirik egin, parte-hartzaileak oso gogotsu ziren mendira irteteko, eta agerian geratu zen larunbatean; izan ere, urte eta erdiren ostean, Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatutako txangoak, Goizale mendi taldearekin elkarlanean, egundoko arrakasta izan zuen.
Larunbatean, goizeko 9:00etan, 35 berbalagun bildu ginen udaletxe plazan. Ohiko talde-argazkia atera eta gero, Errigoitiranzko bidea hartu genuen, Donejakue bidetik gora. Errepidea gurutzatu ostean, Maiagako gailurra zapaldu, tontorreko argazkia atera, eta apurka-apurka beheranzkoari ekin genion. Gainagatik pasatu ginenean, bertan ikusi genuen Gernika-Lumoko Berbalaguneko plaka, ikasturte guztietan bisitatzen duguna. Gernika-Lumoko erdigunera bueltatu aurretik, Aixerrotako buzoira joan ginen, eta, egun zoragarria lagun, Urdaibai osoko paisaia ederraz disfrutatu ahal izan genuen berriro.
Goiz biribila pasatu genuen larunbatean. Eskerrik asko gerturatu zineten guztioi, baina bereziki, Goizale mendi taldeko laguntzaileei.

