Menu Close

Berbalagun jaiaren kronika

Larunbatean, martxoaren 26an, Enkarterriko Berbalagunen jaia izan genuen Sodupen. Egun osoko egitaraua prest genuen guztion gozamenerako: zirkua, lehiaketak, musika, eta noski, jan-edanak.

Goizean Sodupeko herriko plazan adin guztientzako zirku tailer irekia izan genuen. Batzuk trebetasun handiarekin, eta beste batzuk ahal bezain ongien moldatu ginen malabareak eta orekak egiten. Elkarri lagunduz guztiok probatu genituen elementu ezberdinak, eta era askean gorputza mugitu genuen. Askok monozikloan ibiltzea zein zaila den probatu genuen, eta trikimakoetara pasa ginen. Kar-kar-kar. Giro ederra sortu zen, eta partaideok errepikatzeko irrikaz geratu ginen.

 

Gorputza mugitu ostean, buruari eragiteko parada izan genuen Ezetz jakin! lehiaketaren aurrez aurreko partidarekin. Taldeka banaturik gure eskualdeari buruzko galderei erantzun zieten lehiakideek. Gazteek zein helduagoek eskualdearen ezagutza sakona erakutsi zuten; historian edo natura-ondarean ez ezik, elkarte eta kirol-jardueretan ere. Hori bai, Europako Arte Paleolitikoko interpretazio zentroaren izena publikoak asmatu zuen. Bejondeiola!

 

Bazkaltzeko garaia heldu zitzaigun, eta gozo-gozo egin ere. Ondoren, Zuzterrak taldearekin kantuketa zoragarria izan genuen: abesteko eta dantzatzeko aukera bikaina. Sodupeko kaleak soinuz bete genituen. Mila esker musikariei, eta hurbildu zineten euskaldun guztiei, zuek osatzen baituzue Berbalagun herria.

 

Egun ederraren ostean, jarrai dezagun euskaraz praktikatzen. Zatoz gurekin eta euskaraz bizi!