Menu Close

BIRUSAK EZ GAITU MUTUTU!

Martxoaren 15ean, koronabirusak sortutako alarma-egoera indarrean sartu zen Hego Euskal Herrian. Biharamunean, martxoaren 16n, mintzapraktika-egitasmoak egoera berrira egokitzeko eta bezero zein erabiltzaileei aukerak eskaini ahal izateko, AEKren PRAKTIKATU zerbitzuak birusak #EzGaituMututuko kanpaina abiatu zuen.

Hasieratik, konfinamenduan euskaraz praktikatzeko eta bizitzeko tresnak sortu genituen: aholku- eta baliabide-sortak, euskarri berriak, bideo tutorialak… Horrekin batera, PRAKTIKATUren online eskaintza garatu dugu: itxialdian, mintzataldeak modu telematikoan aritu dira; topaketa birtualak bideratu ditugu; lehiaketak, tailerrak edota erronkak antolatu ditugu; Autu-Mautuak eskaini ditugu, gai zehatzei buruzko online solasaldiak. Arazoa aukera bilakatu dugula esan daiteke, eta, jasotako balorazioak ikusita, datorren ikasturtean horiek guztiak gure eskaintzaren barruan egongo dira.

Gaur, ekainak 16, hiru hilabete bete dira kanpaina abiatu genuenetik. Bi aste falta zaizkigu ikasturtea amaitzeko, baina gure helburua bete dugula harro esan dezakegu: BIRUSAK EZ GAITU MUTUTU!