Menu Close

Inguruetatik oinez maiatzean

Atzo izan genuen ikasturteko azken irteera, inguruetatik oinez ibili bitartean, euskaraz egiteko. Goizeko 9:30ean abiatu ginen Taraskatik alde zaharrera, San Juan portale paretik talara, eta han atera genuen taldeko lehenengo argazkia.

Talatik tonpoira eta Aritzatxura egin genuen, dena isilik eta bare. Eguraldi aproposena izan genuen, lainotuta baina epel, eta oso gustura hasi ginen Agarrera igotzen, herri osoa atzean utzita. Agarretik San Migelera joan ginen kontu kontari, baserri tartean.

San Migelen bide txikitxoa hartu genuen San Andreserantz, batzuok bidea jarraitu genuen, eta taldeko ausartenak errekarantz joan ziren handik pasatzeko, ur askorik ez zeramala aprobetxatuz. San Andresen elkartu ginen berriro guztiok, presarantz.

Han atera genuen berriro argazkia, eta aldapa gora igo genuen Almikera heltzeko. Ordura arte jan barik geratu zena jateko, eta ura edateko hartu genuen tarte bat han. Gerizpetan egon ginen ederto baten, bromaka eta berbetan, azken zatia egin aurretik.

Amaitzeko, Almiketik errotatara bajatu ginen, ordu bat eta erdietan berriro herrira heltzeko. Uda pasatu arte ez dugunez irteerarik egingo, frontoiko tabernara joan ginen taldeko batzuok pote bat hartzera, eta agurtzera oso goiz ona pasatuta, beste behin.

Eskerrik asko irteeretan parte hartu duzuen guztiei, eta bereziki Aitor Aberasturiri, hain bide politak guretzat prestatzeagatik, eta gure bidelagun ezin hobea izateagatik!