Menu Close

Izurdeen aurreko bizitza. Literatura solasaldiari buruzko kronika

Kronikagilea: Alazne Tajadura

2022ko martxoko lehenengo egunean, Irakurzale Kluba elkartu zen Hala Dzipoko egoitzan Kirmen Uriberen azken eleberriaz jarduteko. Klubeko kideek aho batez goraipatu zuten Uribek sortutako estilo literario propioa, eta areago, fikzioaren bidez errealitatea edertzeko duen erabateko gaitasuna.

Liburuan hiru atal desberdintzen dira; lehenik, Rosika Europako bakearen bila aritutako urteak; bigarrenik, Uriri 42 kutxek emandako materialarekin idatzitakoa, eta, hirugarrenik, Nora bihurtzen denean narratzaile, Uriren lana burutze aldera. Atalotan, paralelismoak ikusten dira Rosika eta Urirekin. Alegia, biak migranteak diren heinean, eurek New Yorken bizi izandako eskarmentua jasotzen da, bienak garai oso desberdinak izan arren. Ildo horretatik, Uribek migranteen kondizioa azaltzeko, Ulises Itakarekin duen loturaren berri ematen du: “Migrari askok nahi izaten dute itzuli, nahiz eta herrialde berriak ondo hartu, lana eman, maitasuna, dena, urte asko eta gero, itzuli. Hutsunea izaten du sorterriarena, denboraren poderioz handituz doan zuloa. (…) munduan zehar iblili arren luzaroan, bizitzari zentzu bat emanez, amaitu beti sorterrian, hasierako lekuan, itxi zikloa.” Akaso Uri eta bere familia Euskal Herrira bueltatuko dira noizbait, New York hiriarekin bat egin eta gero.

Orobat, Kirmen Uribek hizkuntza literario bat sortu du liburu honetan. Hau da, Edith Wynnerrek hainbat kutxatan gordetako materialarekin collage literiario bat maisuki eratu du, eta, bide batez, autorearen idazketa-prozesuaren xehetasunak agerian utzi ditu. Askoren ustez, badirudi liburua bukatzea kostatzen zaiola Uriri, eta, horrenbestez, Norak laguntzen diola prozesu hori burutzen.

Bestalde, Uribek ezagutarazi dizkigu historia hegemonikoak isildutako Rosika Schwimmer eta Edith Wynner pertsonaien ahotsak. Alabaina, liburuko lehenengo partean jasotako haien bizipenak, erruz adierazitakoak, lausotuak agertzen dira azken partean, indarra galtzen joan izan balira bezala.

Solasaldi literarioen antolakuntzari jarraiki, klubeko kideok hitz batekin (edo birekin) laburbildu dute Uriberen eleberria, eta hauexek dira proposatu dituztenak: lamia, liburuaren fikziozko istorioan azpimarra jarriz; hausnarketa, Uriren idazketa-prozesuari erreferentzia eginez; aldaketa, Uri eta bere familiaren New York hiriarekiko egokitze-prozesuan; itxuraldaketa eta bizipoza, biak Urirenak; utopia, Rosikaren bakea erdiesteko prozesuan eta Kirmenek berak literaturaren bidez egindako ahaleginetan; New York hiria bera, istorio honen protagonista eta lekuko gisa, eta emakume salbatzaileak, hauek baitira, azken finean, istorio honetan eta historiako gertakarien zuzengabekeriei amaiera jarri nahi izan dietenak.