Menu Close

Banatu ditugu mikroipuin lehiaketako sariak!

Arratiako Berbalagunek antolatutako lehendabiziko mikroipuin lehiaketa arrakastatsua izan da. 27 lan jaso ditugu eta zaila izan zaigu horien artean irabazle bakarra aukeratzea. Horregatik, hiru ipuin saritu ditugu. Horretarako erabilitako irizpideak hurrengoak izan dira: hitz kopurua bete izana, lan originala izatea (beste inon aurkeztu gabea) eta gutxiengo euskara gaitasuna erakustea, besteak beste. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.

Jarraian dituzue irabazleen izenak eta lanak:

 

Aratxaren proiektua

Maite Artabe

Arantxaren bizi-proiektua herentziazko Otxandioko etxean emakume artisten elkargunea egitea da.

Dena dauka pentsatuta eta emakume ta artista-taldeei ezezik instituzioei ere aurkeztu die. Ederra dela proiektua, beharrezkoa ere izan daitekeela, ahalduntzerako egokia… baina ez du burutzeko beste laguntza eta babesik lortu.

Baina ez du sekula etsi eta irabazi du azkenean bere saria: Amets birrinduen lehiaketan 1goa eman diote milaka emakumek aurkeztutako beste hainbat amets birrinduren artean.

 

Blaitu euskaraz!

Manex Bernales

Bazen behin, Malagatik etorritako Julia izeneko neskatoa. Julia, baina, oso triste zegoen lagunik ez zuelako, euskara ez zekielako eta Euskal Herrian euria eta euria egiten zuelako.

Lagunak ez izatearen arazoa eskolara joatean konpondu bazuen ere, kostata ulertzen zien eta askotan isilik eta triste geratzen zen eskolako patioko bazter batean, askotan euria barra-barra ari zuelarik.

Egun batean, euritako etxean ahaztu eta euripean, euri tanta bakoitzak euskaraz hitz bat xuxurlatzen ziola konturatu zen Julia. Urez blaituta eta,…euskaraz blaituta heldu zen Julia eskolara! Akabo tristura! Gora lagunak, gora euskara, gora euria! Gora bihotzak! Eta hala bazan ala ez bazan…

 

(Izenbururik gabea)

Edurne Villanueva

Duela urte asko, herri txiki batean neska txikiak bizi ziren, etxea mendian zegoen eta egunero herrira joaten ziren esnea saltzera. Kantinak astoan eramaten zituzten. Esnea saldu ondoren eskolara joaten ziren. Egun batean etxera itzuli zirenean jolasten geratu ziren eta berandu egin zitzaien. Bidea ilun zegoen eta bapatean hegazkinez itzala mendian zehar kobazuloan sartu zen, beldur askorekin korrika etxera joan ziren, bere amari kontatu zioten ikusi zutela eta bere amak esan zien: ez eduki beldurrik, Anbotoko andrea ikusi duzue!